XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

59. artikulua (lehengo 73 F artikulua)

Baldin eta, salbuespeneko egoeretan, kapitalen mugimenduek, bai beste herrialde batzuetara doazenak izan, zein herrialde horietatik datozenak izan, ekonomia eta diru batasunaren jarduerarako zailtasun larriak sortzen badituzte, edo sortzeko mehatxua agertzen badute, Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, Batzordeak proposatuta eta EBZri aholkua eskatu ondoren, sei hilabete baino luzeago joko ez duen eperako, behar-beharrezko diren babes-neurriak har ditzake beste herrialde batzuekiko.

60. artikulua (lehengo 73 G artikulua)

1.- Baldin eta, 301. artikuluan jasotako kasuetan, Erkidegoaren ekintza beharrezkotzat jotzen bada, Kontseiluak, 301. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, kapitalen mugimenduei eta ordainketei buruz beharrezko diren presazko neurriak har ditzake direnak direlako beste herrialdeei dagokienez.

2.- Itun honetako 297. artikuluan xedatutakoaren kontra jarri gabe, eta harik eta Kontseiluak 1. idatz-zatiaren araberako neurriak hartu arte, Erkidegoko estatu batek, arrazoi politiko larriengatik eta presazko arrazoiak medio, beste herrialde baten aurkako neurriak har ditzake bere aldetik, kapitalen mugimenduei eta ordainketei dagokienez. Batzordeari eta Erkidegoko gainerako estatuei, beranduenez, esandako neurriok indarrean jartzen diren egunean eman beharko zaie neurrion berri.

Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz eta Batzordearen proposamenez, neurri horiek aldatu edo ezeztatzera behartu dezake dena delako estatua. Kontseiluko lehendakariak Europako Parlamentuari eman behar dio Kontseiluak hartutako neurrien berri.

IV. TITULUA (lehengo III bis titulua)

Bisatuak, asiloa, inmigrazioa, eta pertsonen joan-etorri askearekin zerikusia daukaten beste politika batzuk.

61. artikulua (lehengo 73 I artikulua)

Arian-arian askatasun, segurtasun eta justiziako eremu bat finkatzeko, Kontseiluak hauek onartuko ditu:

a) Amsterdamgo Ituna indarrean sartzen denetik bost urteko epean, 14. artikuluaren arabera pertsonen joan-etorri askea bermatzeko neurriak hartuko ditu, kanpoko mugen kontrolari, asiloari eta inmigrazioari dagokienean joan-etorri askearekin zuzenean lotuta dauden neurri laguntzaileekin batera, itun honetako 62. artikuluko 2 eta 3. puntuetan eta 63. artikuluko I. puntuko a) puntuan eta 2. puntuko a) puntuan xedatutakoarekin bat etorriz, baita delitugintzari aurrea hartu eta bere kontra borrokatzeko neurriak ere, Europako Batasuna eratzeko Ituneko 31. artikuluko e) puntuan xedatutakoarekin bat etorriz;